H2MAT euskal partzuergoak hidrogenoa garraiatzeko etorkizuneko materialak garatuko ditu

Oct 3, 2022 | Jarduerak

Proiektua 2022ko martxoan abiarazi zen, MONDRAGON UNIBERTSITATEA buru eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko lau eragile-tipologiatako erreferentziazko beste zazpi bazkide barne dituen partzuergo baten eskutik.

H2MAT proiektuak, hidrogenoaren industrian (H2) erabiliko diren metalezko egitura hibridoak garatzea du helburu. Apustu disruptibo honen bidez, jauzi kualitatiboa eman nahi dute bektore energetiko honetarako materialen esparruan. Geruza anitzeko egituren diseinua, fabrikazioa eta ebaluazioa dira proiektuaren ardatz nagusiak, egun hidrogenoa garraiatzeko aplikazioetan erabiltzen den altzairu herdoilgaitzaren ordezko balio erantsi handiagoko alternatiba bat eskaintzeko asmoz.

Egun, hidrogenoa garraiatzeko, karbono-zuntzez (biltegiratze-tankeak) eta altzairuz egindako material konposatuak erabili ohi dira, karbonoan ondutakoak zein herdoilgaitzak (hodiak, balbulak), hidrogenoaren baldintzen arabera (tenperatura, presioa, hezetasuna eta ezpurutasunak). Jakina denez, altzairu mota batzuk H2an aberatsak diren inguruneekin kontaktuan jartzean, hidrogeno bidezko fragilizazioa izateko arriskua dute, propietate mekanikoak galduz eta, batzuetan, ezin kontrolatuzko hausturak pairatuz. Hidrogeno bidezko fragilizazioaren arazoa minimizatzeko xedez, hainbat estrategia erabiltzen dira, baina funtsean, osagaiak gaindimentsionatu eta gainazaleko estaldurak aplikatzen dira, altzairuan H2aren sarrera atzeratzeko.

Hidrogenoarekin kontaktuan jarri ohi diren materialen ordezko alternatibak bilatu nahian, H2MAT proiektuak entropia altuko aleazioen (HEA) eta altzairuaren arteko interfasearen izaera fisiko eta kimikoa diseinatu, ulertu eta kontrolatzea du helburu. Ondoren, teknikoki eta ekonomikoki ebaluatuko dira lortutako egiturak, hidrogenoaren garraioan egun dagoen altzairu herdoilgaitzezko egiturekin alderatuz.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAk koordinatutako proiektu honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste zazpi bazkide eragile ditu partaide: AZTERLAN-BRTA, CEIT-BRTA, EUSKADIKO ENERGIA KLUSTERRA, SIDENOR I+G, TECNALIA-BRTA, TUBACEX INNOVACIÓN eta UPV/EHU.

H2MAT guztiz bat dator ENERGIBASQUE deritzon euskal energia-sektorearen garapen teknologiko eta industrialerako estrategiarekin, izan ere, honen bitartez, laguntza eman nahi zaie euskal enpresei hidrogenoaren bektorearen garapeneko esparru desberdinetarako (sorkuntza, garraioa, banaketa, biltegiratzea eta amaierako aplikazioak) soluzio, ekipo eta osagai berriak gara ditzaten, hidrogenoaren ekonomiari atxikitako aukera berriei probetxua ateratzen lagunduko duten ekimen eta proiektu bereziak garatzen laguntzeaz gain; betiere euskal industria-sarearen lehia-abantailak eta eragile zientifiko-teknologikoek bildutako ezagutza oinarritzat harturik. Hartara, proiektua bat dator estrategian zehaztutako esparru eta ildo teknologikoetako batean: H2 bidezko fragilizazioari, harikortasunaren galerari eta konduktuetako nekearen azkartzeari aurre egiteko soluzioen garapena.